Arratiako bailara, Bizkaiko barnealdeko nekazaritzagunea
Arratia bailarako paisaiari erreparatuz gero, naturaz gozatzeko aukera paregabea dago. Barazar mendatea jaistean, bailara guztiaren irudi zoragarria ikus daiteke; herririk herri murgilduz gero, berriz, nabarmendu beharrekoak dira Baltzolako kobazuloa Diman, Euskal Baserriaren Ekomuseoa Artean eta herrigunea bera Areatzan, besteak beste. Duela ia 50 urte Arratiako tranbiak igarotzen zituen zenbait herri ezagutuko ditugu gertuagotik.
Arratia bailaran nekazaritza da nagusi oraindik gaur egun, barrualdeko Bizkaia sakon eta harrigarrienaren erakusgarri. Arratia ibaiak zeharkatzen du bailara eta horrexegatik du izen hori inguru osoak. Bertan ez dago monumentuz betetako herririk, baina han-hemenka edo bilduta baserri ederrak ageri dira nonahi. Euskal arkitektura tipikoa ezagutzeko lekurik onenetakoa da inguru hau, bertan dauden baserri eta ermitei esker.
Barazarretik behera eginda, Zeanuri dago. Arratia bailarako antzinako herria da, Bizkaiko ohiturak ondoen gordetzen jakin duena. Mendiz mendi egiteko ibilbide askoren abiapuntu da. Bertatik Gorbeia mendira igo daiteke.
Bizkaiko baserririk zaharrenak Zeanurin daude. Egurrez eraikitakoak dira eta ez dute tximiniarik, Arratia bailarako baserrietan ohikoa den bezala.
Zeanuritik iparraldera, eta Arratia ibaiari jarraituz, Areatzara iritsiko gara, haraneko lehen hiribildura.
Bidean aurrera eginda, Artea herri txiki polita dago. Artearen izen zaharra Castillo de Elejabeitia da, Castillo eta Elejabeitia parrokiek bat egitetik sortu baitzen. Bertan daude Euskal Baserriaren Ekomuseoa, modu aktiboan nezakaritzaren eta naturaren inguruko atalak erakusten dituena, baita Euskal Nazionalismoaren Museo-Artxibategia ere.
Igorrera iritsi aurretik Arantzazu dago, XIV. mendean egin zen famatua, bertan bizi baitzen Bizkaiko Jaurerriko artzapezetariko bat eta bertan egiten baitzituen epaiketak.
Igorre eskualdeko hirigunea da arratiarrentzat, bertan baitituzte zerbitzu gehienak bilduta. Haraneko herririk industrializatuena izan arren, txoko eta altxor politak gordetzen ditu herri honek. Nabarmentzeko modukoak dira bertan Zubizarreta etxea.
Aramotzeko mendizerraren oinetan bukatuko dugu txangoa, Diman, Indusi ibaiaren bi aldeetara hazi zen herri batean. Ibaiaren izen bereko auzoan egingo dugu geldialdia Baltzola bisitatzeko. Naturak sortutako artelana da, estalaktita eta estalagmita ugariz betea. Horrako bidean Jentilzubi izeneko zubia ikusiko dugu, urak eragindako higadurak sortutakoa. Indusi auzoa bezain ezagunak dira Artaun eta Oba, bertako jatetxe batean prestatzen dituzten indabengatik, gehienbat; ibilaldi luzea egin ondoren, indarberritzeko pizgarri ezin hobea.






Bisitatzeko Lekuak
Arratia bailarako lekurik ederrenak